ETXERAT. Dispertsio politikak aurten eragin duen zortzigarren istripuaren salaketan, Asier Garcia Justoren bikoteak bere testigantza eman nahi izan du. Istripuaren eraginez jasandako zauriengatik ezin izan du bertan egon, baina bere lagun batek irakurri du ondorengo testua:
Kaixo!
Lehenik eta behin mila esker hona hurbildu zareten guztioi eta barkaidazue, hemen egotea gustatuko litzaidake baina istripuaren oinazeek ez didate utzi.
Orain dela ia 10 urte Asier eta biok elkarrekin bide berri bat egitea erabaki genuen. Bagenekien ez zela erraza izango; dispertsioa, katxeoak, trasladoak oztopo izango genituela bagenekien baina horri aurre egiteko ere bageneukan tresna, MAITASUNA, gure senide eta lagunengan daukagun MAITASUN ERRALDOI hori.
Bidaia guztiek dute arriskua, errusiar erruleta batean ibiltzen gara, eta oraingoan guri tokatu zaigu. Plurala erabiltzen dut, ze nahitz eta kotxean ni bakarrik joan, Asier, gure senideek eta gure lagunek sufritu eta sufritzen dutelako.
Istripua bortitza izan zen, bat-batean bi errailen artean kotxe bat agertu zen kolpe gogorra emanez, nire ardaratzaren inguruan 3 buelta eman nituen aurreko gurpila guztiz lehertuz eta medianaren kontra ia talka egin nuen. Kotxetik ateratzean gorputz osoa dardarka nuela burura etorri zitzaizkidan Asier, aita, gainerako senide eta lagunak. Gero haserrea, amorrua, inpotentzia, bakardadea, beldurra... "Nola esango diot Asierri?" "Nola hartuko du?" galderak zetorzkidala.
Istripu honen eragin fisiko eta psikologikoak sortu dizkigu, azkeneko hauek sendatzeko zailenak izanik. Egun korapilotsu hauetan negarretik haserrera, haserretik antsietatea pasatzen ibili naiz eta hainbat galdera sortu zaizkit buruan:
Zergatik gure senide presoak maitatzeagatik zigortzen gaituzte? Zergatik mendeku espetxe politika hau? Zergatik mantentzen dute salbuespeneko politika hau? ZERGATIK? Noren mesedetan? NOIZ ARTE?
Gu eta gure senide presoen giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzte, bada garaia honekin bukatzeko.
Gogoan ditut dispertsioaren ondorioz hildako 16 senideak , espetxean hildako presoak eta istripu ezberdinetan zaurituak atera diren guztiak, ni izanik azkenengoa.
Gizarteari, politikariei, sindikatuei, eragile desberdinei zuzentzen naiz, zuei guztiei eskatzen dizuet dispertsioarekin bukatzeko ahalengin guztiak egitea, guztion artean lor dezakegu, batu gaitezen eta elkarrekin lan egin dezagun.
Azkenik eskerrak eman nahi ditut Bejar herriko ospitaleko langileei euren babesa, goxotasuna eta denbora eskaintzeagatik, bakarrik ez sentiarazten lan egiteagatik, Urduliz ospitaleko langileei, Etxerat Elkarteari ematen diguten babesarengatik, gugatik arduratu diren guztiei, Badajozeko presoen senideei eta gainerako espetxeetako presoen senidei. Baina bereziki Asier eta bion familia eta lagunei, beti hor alboan egoteagatik.
Kolpe eta traben gainetik Elkartasunak eta Maitasunak ez dute mugatik. Ez gaituzte geldituko. Maite zaituztegu! Maite zaitut!
DISPERTSIOA STOP!
EUSKAL PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUAK EUSKAL HERRIRA, ETXERA!
Asier Garcia Justo euskal preso politikoaren bikotea