ETXERAT (2022-II-28). Basauriko eta Martuteneko espetxeetan dauden zortzi euskal preso politikok hirugarren gradua jaso dute Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzaren aldetik, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako batzordeek hartutako erabakien irizpideei eta balorazioei jarraituz. Azken aste eta hilabeteetan tratamendu-batzordetik pasatu dira haien espedienteak, eta hirugarren gradua lortzearen aldeko proposamena jaso zituzten.
Egoitz Coto Etxeandia, Joseba Lerin Sanchez, Iñaki Garces Beitia, Unai Fano Aldasoro eta Ugaitz Perez Zorriketa presoak dira Basauriko espetxean zeudenak eta joan den ostiraleko lehen orduan hirugarren gradua estreinatu zutenak, eta Mikel Arrieta Llopis, Joseba Arregi Erostarbe eta Francisco Jose Ramada Estevez Martutenen, egun bereko eguerdian euren sailkapena ezagutu zutenak.
Egoitz Coto Etxeandiak hirugarren gradurako aldeko proposamena jaso zuen El Dueson zegoenean, baina Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak (SGIP) 2021eko uztailaren 28an Basaurira bigarren graduan eramango zuela iragarri zuen, Kantabriako Batzordearen proposamena babestu gabe. 19 urte daramatza espetxean, 2019az geroztik 2. graduan sailkatuta zegoen, eta 2017an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Barakaldoko presoak 2022aren amaieran beteko du zigor osoa.
Joseba Lerin Sanchezek 14 urte daramatza espetxean eta Basauriko espetxean zegoen iazko irailaren 11tik, Zueratik hurbilduta. 2020tik 2. graduan sailkatuta, Berriozarkoak 2019an bete zuen zigorraren erdia.
Iñaki Garces Beitia Otxandioko presoak 23 urte bete ditu kartzelan, eta 2021eko udaberrian iritsi zen Basauriko espetxera, Zueratik. 2018tik 2. graduan sailkatuta zegoen, irteteko hainbat baimen arrunt izan ditu eta 2017an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Unai Fano Aldasoro Basauriko Espetxean zegoen 2020tik, eta Almeriako espetxetik iritsi zen. Bizkaiko espetxean 3. gradua proposatu zioten 2021eko urtarrilean, eta erabaki hori Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak eta SGIPk abalatu zuten, baina fiskalaren errekurtsoak espedientea Auzitegi Nazionaleko Lehen Atalera eraman zuen, eta horrek 2021eko irailaren 23an progresioa ezeztatu zuen. Bigarren gradura itzuli zenez, berriro espetxeratu zuten. Larrabetzuko presoak 13 urte daramatza espetxean eta zigorraren erdia 2018an bete zuen.
Ugaitz Perez Zorriketak 19 urte daramatza espetxean eta Basaurin dago 2021eko maiatzetik, SGIPek Logroñotik hurbildu ondoren. Galdakaoko presoak 2021eko abuztuan bete zituen zigorraren 3/4ak.
Mikel Arrieta Llopisek 22 urte egin ditu espetxean eta espondilartropatia kroniko seronegatiboa du. Gaixotasun larriak dituzten 19 euskal presoren zerrendako kideetako bat da. Martutenera iristean, tratamendu-batzordeak, duen gaixotasunagatik, hirugarren gradua eskatu zuen (104.4 R.P.), eta 2021ko uztailaren 12an SGIPek berretsi zuen proposamena. Kasu hauetan ohikoa den bezala, berehala ireki zen baldintzapeko askatasunaren espedientea, baina fiskaltza aurka agertu zen eta ukatu egin zitzaion; ondorioz, hirugarren gradua etenda geratu zen. Oraingo honetan, Gasteizko Justizia Zuzendaritzak onartu egin du Errenteriako presoarentzako tratamendu batzordearen proposamena. Mikel Arrietak 2020an bete zituen zigorraren 3/4ak.
Francisco José Ramada Estevezek konortea galdu eta bihotza gelditu zitzaion Martuteneko espetxean urtarrilaren 21ean, eta Gipuzkoako Ospitalera eraman zuten urgentziaz, ZIUn sartzeko. Alta jasotzean, espetxera itzuli zen, eta han egon da denbora honetan. Lehenago ere, 2021eko ekainean, Ramadak 3.gradura pasatzeko beste proposamen bat jaso zuen Martuteneko tratamendu-batzordearen aldetik, baina SGIP k ez zuen proposamen hori balioztatu, berehala espetxeen eskumena Eusko Jaurlaritzari eskualdatuko baitzitzaion. Irundarrak, 2020aren hasieratik 2. graduan dago, 21 urte daramatza espetxean, eta 2021ean iritsi zen Martutenera Iruñetik. Irteteko hainbat baimen arrunt izan ditu, eta 2020an bete zituen zigorraren 3/4ak.
Joseba Arregi Erostarbek, Ramadak bezala, Gipuzkoako tratamendu-batzordearen aldetik 3. gradura pasatzeko proposamen bat ere bazuen, eta horrek ere ez zuen bermatu SGIP-ek, eskumenak eskualdatu ziren aurreko egunetan. Oñatiko presoa 1992an atxilotu zuten, hilabete honetan bertan beteko ditu 30 urte espetxean eta 75 urte ditu. Patologia anitzak ditu, adinaren eta espetxeratzearen ondorioz. 2020tik 2. graduan sailkatuta, Matuteneko espetxera iritsi zen Asturiasko espetxetik. Martutenen programatutako irteerak izan ditu, eta zigorraren 3/4ak beteta zituen 2020an. Hala ere, Frantziako kondenaren 10 urteak zenbatu izan balitzaizkio, duela urte batzuk aske egon beharko litzateke.